Ongi etorri HIZKUNTZ JOLASAK gure eta zuen wikira.

Zer egingo dugu hemen?
Hementxe, guztion artean, ikasgela batean erabiltzeko moduko jolasen "fitxak" sartuko ditugu

Hauexek dira gure helburuak. Ikasgela batean gure ikasleek olgetan jartzen baditugu, ia ezinbestekoa izango dute haien artean jolasteko hitz egitea. Jolasa haien arteko harremanak hobetzeko aprobetxatu egin behar da. Jolasen bidez etengabe adostutako arauen beharra ikus daiteke. Irabazten eta galtzen ikasten da. Hobetzeko ahaleginaren balioa ikasten da. Elkarren arteko kolaborazioa askotan ezinbestekoa eta onuragarria dela ikasten da...

Justifikazioa edo zuribidea. Askotan irakasleok ikasgelan proposatzen ditugun jarduerak aspergarriak izaten dira ikasleentzat. Hori beti gertatuko da ikasleei protagonismoa eskaini ezean. Hizkuntz jolasetan, ikasgelako beste jarduera askotan bezala, irakasleak protagonismoa ikasleei laga beharko lieke. Irakasleak, hasieran, arbitro lanak, joko arauen azalpenak etab. har ditzake bere kontu baina gero lan horiek ere ikasleen esku utz daitezke.

Gure estrategia. Goian aipatu bezala wiki honetan hainbat jolasen fitxak sartuko ditugu. Wikian sartuko den edonork izango du aukera dagoen fitxa bat aldatzeko. Aldaketa sakonak eginez gero, eskatzen dizuegu, mesedez, fitxa berria sortzea, izen berriarekin gordetzea.

Txantiloia utziko dugu zuen esku. Txantiloia gida bezala erabiltzeko da, ez ezinbesteko jarraibidea. Txantiloi berriak edo daudenaren aldaketak onartzen dira, jakina, baina guztiok itxuraz antzekoak diren fitxak sartuko bagenitu, hobe.

PROPOSAMEN BEREZIA. Hizkuntza bereziki lantzeko saioetan, ikasleek esperimentatu dituzten jokoen fitxak egin ditzakete txantiloiaren gainean. Ikasleen gaitasun digitalak hobetzeko proposamena duzue honako hau, wiki hau erabil daiteke ikasleek beraiek horrelako fitxa bat edo batzuk prestatu eta eskegitzeko.

  • Wiki honetan argazkiak edo ikus-entzunezko euskarriak ere sar daitezke baina gogoratu, adinez txikikoen argazkiak on-line eskegitzeko, gurasoen baimena edo guraso-agintea duten tutoreen baimena behar da.